Erdiak osatu-(r)en kopia
Justifikazioa
Baliabide honek, irudi lauen simetriak lantzeko aukera eskaintzen du. Koadro bakoitzaren eskuineko goikaldeko zatian agertzen diren irudi geometrikoen erdi bat ageri da eta ikasleek, deformaturik dagoen beste erdia osatu behar dute. 236/2015 Dekretuaren II. Eranskina (Jaurlaritza, 2016) oinarritzat hartuz gero, matematikarako konpetentziaren 4. osagaiean ekarpenak egin ditzakeen baliabidea da. Honela dio 4. osagaiak: "Jakintza matematikoak ezagutzea, erlazionatzea, integratzea eta balioestea, egoera bakoitzaren berezko ezaugarriak kontuan hartuta" (Jaurlaritza, 2016, 66. or.). Ikasleek simetriaren inguruan dituzten ezagutzak erlazionatu eta aplikatzea eskatzen du ariketak. Bestalde, matematikarako konpetentziaren 3. etapako helburuaren lorpenerako ere baliagarria izan daitekeen ariketa da. Ondorengo hau da Lehen Hezkuntzako 3. etapako helburua: "Natura- eta kultura-inguruneko forma geometrikoak identifikatzea, elementuen, erlazioen eta propietateen ezagutza erabiliz, errealitatea deskribatzeko, eta ezagutza geometrikoak aplikatzea inguruan dugun mundu fisikoa ulertzeko eta analizatzeko, eta hari buruzko problemak ebazteko" (Jaurlaritza, 2016, 163. or.). Azken finean, ariketa honek forma geometriko ezberdinen erpin, alde angelu eta beste zenbait elementu erlazionatzera eramaten ditu ikasleak. Honetaz gain, bai 1. zikloko eta baita 2. zikloko edukietan ere, 4. eduki multzoaren (Geometria) barnean "Erregulartasunak eta simetriak" izeneko azpimultzoak daude, simetria bi zikloetan lantzen delarik. Beraz, Lehen Hezkuntzako etapa osoan zehar lantzen diren edukiak izanik, garrantzitsua da euren presentzia bermatzea metamatikaren ikaskuntza-prozesuan. Jarduera honen zailtasuna aztertuz eta kontuan hartuz, 1. zikloaren amaierarako, hau da, 3. mailarako aproposa izan daitekeela uste dugu. Izan ere, ikasleek amaieran sortu beharreko irudiaren erreferentzia dute eta irudi lauaren proportzio berak dituen simetriak sortzerako garaian, amaierako irudia ondoan izateak laguntza handia eskaini diezaieke ikasleei. Gainera, erreferentziazko irudia eta osatu beharreko irudia 1:2 eskalan egoteak, proportzioak mantentzeko erraztasunak eskaintzen ditu. Bestalde, simetria-ardatza irudian bertan egoteak, marraztu beharreko simetria-erdia espazioan ez kokatu behar izatea dakar eta horrek asko errazten du ariketa; hau da, marraztu beharreko simetria-erdia beste erdiari itsatsita egotean, ez da simetria ardatzarekiko kokapena kontuan hartzen, ariketa sinpleagoa eginez.
Amaitzeko, baliabidearen baliagarritasunaz gain, euskarazko baliabidea izatea ere azpimarratzekoa dela esango genuke, ez baita erraza sarean euskarazko baliabide aproposak aurkitzea.