VH2: Triangeluak aldeen arabera sailkatzen
VH1 mailaren bukaeran ikasleek jada landutako irudi lauak identifikatzen eta definitzen dakite. Gainera, beraien elementu eta propietateak barneratuta dituzte. Ondorioz, poligono horien sailkapena egiteko prest daude eta VH2rako bidean sailkapenak lantzeko jarduerak planteatzen dira. Ikasleak VH2 mailan daudela esango da landutako poligonoen sailkapenak egiteko gai direnean.
1. JARDUERA: Material manipulagarrien bidez
Jarduera hau taldeka zein bakarka egin daiteke, hala ere, taldeka egitea gomendatzen dugu ikasleek elkarren artean erabakiak hartzeko eta nozio geometrikoen hizkera lantzeko.
Erabili beharreko materiala hau da:
- Kartoizko 4 kutxa, bakoitza etiketa batekin: (1) Eskalenoa (3 aldeak luzera ezberdinekoak); (2) Isoszelea
(gutxienez bi alde luzera berekoak); (3) Aldekidea (3 aldeak luzera berekoak) eta (4) Zaborra.
- Mota bakoitzeko 3 triangelu: eskalenoen propietateak betetzen dituzten eta elkarren berdinak diren 3
triangelu (berdeak), isoszeleen propietateak betetzen dituzten eta elkarren berdinak diren beste 3 (urdinak) eta azkenik, 3 triangelu aldekide (gorriak).
Kolore bakoitzeko triangelu bakoitzarentzat kutxa bat dago (zaborra ez dena), beraz, triangelu bakoitza kutxa batean sartu daiteke. Ikasleek triangelua kutxara sartu edo zaborrara bota behar den adostu behar dute.
Adibidez, triangelu berdeekin hasten badira (elkarren berdinak dira), berde bat hartu eta eskaleno, isoszele edo aldekide kutxan sartu behar den aukeratu behar dute. Kasu honetan triangelu berdea eskalenoa denez, eskalenoen kutxan sartuko dute. Hurrengo triangelu berdea (eskalenoa ere dena) ezin da aldekide edota isoszeleen kutxan sartu, izan ere, ez ditu aldekide edota isozeleen propietateak betetzen; beraz, zaborrara botako dute. Berdina gertatuko da hirugarren triangelu berdearekin. Hiru koloreekin horrela jardungo dute.
2. JARDUERA: GeoGebrarekin balioztatzea egin
Material manipulagarriekin egindako klasifikazioa balioztatzeko, ikasleei eredu dinamiko hau aurkeztuko zaie beraiek bakarrik baliozta dezaten lehenengo jardueran egindakoa.
3. JARDUERA: Baliabide fisiko eta teknologikoekin ikusitakoa paperean aplikatzen
Aurreko jardueretan burutu den sailkapena ikasleek barneratu dutela ziurtatzeko fitxa bidezko jarduera bat proposatzen zaie baliabide manipulagarriekin egindako sailkapena berregin dezaten.
Jarduera honetan datza: Aldeen araberako triangelu mota bakoitzerako triangelu horrek betetzen dituen propietateak ageri dira taula batean. Beste triangeluren batek propietate horietariko bat (edo bat baino gehiago) betetzen badu, dagokion propietatearen (edo propietateen) azpian triangeluaren izena jarri behar da.
Adibidez, triangelu aldekidearen propietateak hauek dira: (1) Hiru aldeak luzera berekoak izatea eta (2) Bi alde luzera berekoak izatea. Isozleak bigarren propietatea betetzen du eta eskalenoak bat bera ez. Beraz, taula horrela geratuko zen:
Gainontzeko taulak modu berean bete behar dituzte ikasleek. A motako triangeluak beste mota bateko (B motako) triangeluaren propietate GUZTIAK betetzen baditu, A motako triangeluak B motako triangeluak ere direla esaten da.